Lamintxu Gazte Asanbladak bere sare sozialetan zabaldu duenez, euren txosnan berriro ere lapurreta egin dute.
Bi astetan jasan duten bigarren lapurreta da: “Gazte Egunaren ostean ere sartu ziren, eta oraingoan, Usansoloko jaiak bukatu ostean”, jakinarazi dute.
Txosnan zegoen alkohola eta materiala lapurtu dituzte oraingoan ere, eta azpiegitura apurtu dute: “Baina guretzako ez dira botila batzuk bakarrik; herritik eta herriarentzat antolatzen den proiektu baten aurkako erasoa da”, salatu dute.
“Lamintxutik aurrera egiten dugu guk geuk egindako lanarekin eta herriaren babesarekin. Egoera hau jasanezina da. Ez dugu normalizatuko eta ez dugu onartuko guk geuk egiten dugun lanaren aurkako eraso hau”, gaineratu dute.

