Soinuarri Arrigorriagako Musika Elkarteak 10 urte bete zituen iazko abenduan eta jardueraz eta ‘fest’ez betetako urtea prestatu dute: ‘Kale Gorrian Fest’, ‘Kaleak Lastotzen’ eta ‘Bertsio Gaua’ dira melomano hauen urteroko hitzorduak, baina ez bakarrak.
Taldearen sorreraz, ibileraz, eraginez eta abentura zein desbenturen inguruan berba egiteko aukera paregabea izan dugu Julen Martinez Garcia (Arrigorriaga, 1995) jaun txit presidente gorenarekin (umore klabean beti). Horretarako eszenatoki aproposagorik ez dugu topatu: Teodosia Ortega parkeko harrizko eszenatokia.
Bertan beren saltsan topatu ditugu Soinuarriko ipurterreak, ‘Kaleak Lastotzen’eko Kairos eta Hertx banden montajea egiten zuten bitartean. Den dena esanda dago!
Gogor hasi du urtea Soinuarri Elkarteak, eta abendutik hiru hilabete igaro badira ere… nolako programa sortu duzue 2026rako? Elkartearen 10. urteurrena ospatu nahi genuen eta horretarako “gauzatxoak” antolatu behar dira. Iazko Gabonetako Bertsio Gauean iragarri genuen aurtengo programa berezia izango zela eta hori antolatzen ibili gara. Aurtengo programa iazkoa bezalakoa da, baina hobeagoa, gertatzeke dagoelako oraindik ia dana. Iazko ‘Kallejeros Pajeros’ jaialdia antolatu dugu berriz; aurten ‘Kaleak Lastotzen’ izenarekin, zuzenketa burokratikoengatik. Talde lokalen kontzertuen zikloa da, eta martxoa eta apirilean zehar gure herri eta eskualdeko talde ezberdinak ikusteko aukera izango dugu apirilaren 17an eta 30ean.
Gainera, Kale Gorrian Fest-aren V. edizioa ia itxita daukagu. Taldeen ia erdia, talde lokalez osatuta dago, eta gainontzekoa, gure inguruetako eszena musikaletik gertu eta urrunago dauden taldeak dira, estilo eta musika ezberdinetakoak, ezagunagoak eta ezezagunagoak, eskaintza musikal ezberdina eta originala aurkezteko “pajeroi” eta etorri nahi den edonori be. Modan dagoenaz aparteko musika eskaintze dugu, eta ia guztia ona.

Bestalde, aurtengo gabonetan ere ‘Bertsio Gaua’ antolatuko dugu, baina hori baino lehen ‘Soinuarriren 10 urte intergenerational brutal musical folklorikal eta jendearentzako bazkari popular fest’-ean lanean gabiz. Maiatzaren 23an izango da, eta festibalaren ideia, jendea kalean musika egiten eta entzuten egotea izango litzateke; herri-bazkaria tartean, noski. Hau da berez, urteurrenean espezializatzen den ‘fest’ bakarra (orain dena deitzen da ‘fest’). Baina egun osokoa izango da, Soinuarriko etapa guztietako jendea eta beste musikari eta herritarrak batzen. Eta beno, hori baino lehen, maiatzaren 16an, ‘Burwoodstock III’ daukagu, Zaratamoko Burbustu auzoan.
Aurten denbora faltan izan duzue, beraz. Aurten oso gogotsu hasi gara urteurrena dela eta, eta gainera elkartera kide berriak etorri dira. Jende berria sartzea beti izaten da indargarria, ikustera ematen duelako herriko jendearen interesak gureekin bat egiten dutela noizbait eta elkartean egin beharrekoen karga hobeto orekatzen delako.
Elkarte moduan, zein da zuen helburua? Musika, eta bereziki musika lokala sustatzea. Horretarako beti saiatu izan gara musika talde lokalei espazio bat eskeintzen, kontzertuak eman ahal izateko. Baina baita gure herriko gizartea astintzea musikaren bitartez, azken finean kalean gauzak antolatzen direnean eta jendea horretara hurbiltzean, beti sortzen delako giro ona, eta horrek herriari indarra ematen dio.
Nola gogoratzen dituzue elkartearen hastapenak lehen urteetan eta nolako garapena izan du Soinuarrik jaio zenetik gaur egun arte? Oso urrunak eta zatikatua. Soinuarri sortu zenean ni ez nintzen horren parte. Duela hamar urte ‘Perros Kon Asma’ taldeko baxularia nintzen soilik, eta gogoan dut, Soinuarriko jendeak gonbidatu gintuztela ‘Aurkezpen Fest’ deitutako antzeko zerbaitetan parte hartzera, eta herriko taldeekin kontzertuak antolatu ziren Sorgiñe eta Aldapa tabernetan. Urte horietan Soinuarrik antolatzen zituen batez ere herriko jaietan ematen ziren kontzertuak. Urte horietan beti agertzen ziren talde lokal mordoa herriko jaietan. Gero, pentsatzen dut elkarteak eskatzen duen lan kargagatik, eta batez ere herriko jaietan lan karga hori esponentzialki handitzen delako, berton zegoen jendea nekatuko zela. Gutxinaka antolatzen ziren ‘fest’ horiek gutxitzen joan ziren. Ulertu behar da horrelako elkarteetako jendeak elkarteaz besteko betebeharrak dauzkatela eta “jende arrunta” dela, toki guztietan uneoro egoteko.
Urte batzuk geldirik egon ostean, gaur egun gaudenetako batzuk azaldu ginen. Bigarren etapa hau pandemia garaian heldu zen. Horretan, herriko musika taldeen kopurua nahiko handia zen eta guztion artean ezagunak eta lagunak ginen eta gure artean komunean geneukan ezinegonetako bat Arrigorriagan entsegu lokal egokirik ez egotearena zen. Musika talde guztiok Arrigorriagatik kanpo entseatzen dugu, horrek guztiak dakartzan arazo logistikoekin: garraio publikoan traste guztiekin joatea ez da errezegia eta bestela kotxedun norbait egon behar da taldean. Berez, Arrigon badago entseatzeko lokal bat, baina bere egoera ez da inoiz egokiegia izan: zaharkituta dago, infraestruktura eta bertako ekipoa, biltegirik ez daukanez material guztia eraman behar dugu gure etxeetatik lokalera eta gero bueltan, eta ordutegiak nahiko kaxkarrak dira; arratsaldeko 20:00etan akabo.
Orduan, gutako batzuk Arrigorriagako Gaztetxearekin harremanetan geunden eta bertako sotoan entsegu lokalak eraikitzeko aukera aurkeztu zen. Beste musikariekin mintzatu ginen eta jende mordoak bat egin zuen ‘Auzolanak’ deritzonarekin, ‘Kirolak’ eraikineko sotoko 1983ko uholdeetako sedimentu eta lohiak kentzera hasierako fase batean. Hau bukatzean, lokalak eraikitzeko materialak erosteko plangintzan hasi ginen eta orduan azaldu zen Soinuarri. Hurrengoa bururatu zitzaigun: ‘Fest’ bat antolatzea dirua ateratzeko. Hau izango zen gerora ‘Kallejeros Pajeros’ eta oraindik geroagora ‘Kaleak Lastotzen’-en aitzindaria. Ekitaldia burutzeko Udalarekin hitz egin genuen; gogoratu pandemia garaia zela eta murrizpen ugari zeudela, beraz gauzak kanal ofizialetatik egitera ausartu ginen. Udalarekin adostuta, gure festia Arrigorriagako ‘Jai pandemonium’ekin bat zetorren. Udan zehar, herriko taldeen kontzertuak antolatu genituen, Arrigorriagako jaiak izango ziren datara heldu arte; baina hori, urte horretan jaiak ez ziren arruntak izan eta kontzertuetako publikoa baztertuta, jesarrita eta maskarillarekin egon behar izan zen. Bertan ‘Perros Kon Asma’, ‘B.O.T.H.’, ‘Beranduegi Erromeria’, ‘Golden Boys’, ‘Brigada Suicida’ eta ‘Ostrich Wedding’ taldeek jo zuten. Hau guztia Udalaren bitartez egiteko CIF bat behar genuen, eta orduan sartu zen Soinuarri gure bizitzetan.

