Ugaoko Udalak premiazko bilera eskatu dio Ministerioari, HTSk udalerrian izango lukeen eragina ezagutzeko

2 minutuko irakurketa
Merkantzia tren bat, Ugaon // Geuria

Ugao-Miraballesko Udalak premiazko bilera eskatu dio Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioari, berriki ezagutzera eman den Hegoaldeko Tren Saihesbidearen (HTS) proiektuaren bigarren faseak udalerrian izan ditzakeen eraginak eta ondorioak bertatik bertara ezagutzeko.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak José Antonio Santano Clavero Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu Idazkariari idatzi dio, fase honen barruan “formalki Ugao jasota ez badago ere”, udalerrian eragin zuzena izango duelako.

Izatez, bigarren fasea Arrigorriagan, Lonbo auzoan eraikiko luketen tunel batean amaituko litzateke, iragarpenak aurrera badoaz. Baina obrak Arrigorriagan amaitzen badira ere, tren horiek trenbideetatik jarraituko lukete aurrera, Ugao noranzkoan, eta trafikoa handituko litzateke.

“Egoera honen aurrean, alkateak ezinbestekotzat jo du Ministerioarekin harreman zuzenago bat izatea, Udalak proiektuari buruzko informazio guztia gardentasunez ezagutu dezan eta udalerriaren zein ugaotar guztien interesak behar bezala defendatu ahal izateko”, zehaztu dute udal ordezkariek, eta erakunde eskudunek proiektuaren eraginpeko udalerri guztiekin zuzeneko informazioa eta komunikazioa bermatzearen alde agertu da. “Era berean, Udalak lehentasunezkotzat jo du azpiegitura horrek Ugaon afekziorik ez eragitea eta ugaotarren bizi-kalitatean inolako eragin negatiborik ez izatea”.

Joan den martxoaren 26ko kontzentrazioa, Arrigorriagan // Geuria

Era berean, Ugaoko alkateak aitortu du jakitun dela Hegoaldeko Trenbide Saihesbideak Euskadirentzat eta salgaien garraioa garatzeko duen garrantzi estrategikoaz, “baina beharrezkotzat jotzen dut, halaber, erakunde eskudunek proiektuaren eraginpeko udalerri guztiekin zuzeneko informazioa eta komunikazioa bermatzea”.

Arrigorriagan hilabeteak daramatzate proiektuaren hasierako planteamenduaren aurkako mobilizazioak egiten: herri bilerak, elkarretaratzeak, manifestazioa eta kontzentrazioak egin dituzte merkantzia trenak udalerriko erdigunetik igarotzea ekiditeko, eta herritarrei bestelako aukera proposatzeko.

Merkantzia tren bat, Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako Mobilizazioak HTS proiektuaren testuinguruan

Partekatu artikulu hau