Arizgoitin eta Basozelain obra txikiak egiteko herritarren proposamenak jasoko ditu Basauriko Udalak

2 minutuko irakurketa
Herritarrek euren proposamenak bidali ahal izango dituzte ekainaren 12tik 22ra bitartean // Geuria

Basauriko auzoetan obra txikiak egiteko Auzoegin egitasmoaren hirugarren edizioa Arizgoitin eta Basozelain ardaztuko du aurten Udalak.

“Basozelaiko eta Arizgoitiko hiri- eta landa-ingurunerako hobekuntza-proposamen zehatzak egin ahalko dituzte herritarrek: esku-hartze txikiak iradoki ahalko dituzte, hau da, Brigadako udal-langileek aurrera eraman ditzaketenak. Beraz, ezin dira proposatu obra edo ekipamendu handiak. Iradokizunak hobekuntza apalagoetarako izan behar dira, Udalak egin ditzakeen obra handiagoekin batera Basozelaiko eta Arizgoitiko kaleak erosoago eta adeitsuago bihurtuko dituztenak”, azaldu dute udal ordezkariek.

Herritarrek maiatzaren 22ra arte dute euren proposamenak egiteko epea zabalik. Prozesuan parte har dezake 16 urte edo gehiago dituen eta Basaurin erroldatua dagoen edonork.

Horretarako, ados.basauri.eus udal plataforma erabil dezakete basauriarrek. Bestela, proposamenak egiteko galdera-sorta etxeetara bidaliko du Udalak, eta horiek eraikin publikoetan eta kaleetan jarri dituzten postontzietan utzi ahal izango dituzte: Basozelai Gizarte Etxean, Arizgoitiko Jubilatuen Etxean, udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, ZirtZarten, Marienean eta Bidearteko udal bulegoetan; Basozelaiko metro-sarreran, Zortziko plazan, Gipuzkoa kaleko metro-igogailuan, Basozelaiko saskibaloi-kantxetan eta Nagusia kaleko 8. zenbakiaren aurrean.

Gainera, informazio-mahaiak jarriko ditu Udalak herritarrek iradokizunak egiteko: maiatzaren 15ean Zortziko plazan eta maiatzaren 18an Arizgoitin, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Iradokizunak bildu ostean, horiek baloratu, zehaztu eta adostutakoak gauzatuko ditu Udalak; eta, amaieran, gauzatutakoen laburpena bidaliko du Udalak, etxebizitzetako postontzietara.

ETIKETATUTA:
Partekatu artikulu hau