Palestinako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute maiatzaren 15ean, ostiralez, Galdakaon.
Hain zuzen ere, egun horretan Nakba edo palestinar exodoa gertatu zenetik 78. urteurrena oroituko dute: “Behartutako exodo horrek 1948an desplazamenduaren, kolonizazioaren eta palestinarren aurkako indarkeriaren hasiera ekarri zuen. Gaur egun, Palestinako biztanleriak desplazamenduak, jazarpenak, bonbardaketak eta oinarrizko eskubideen ukazioa pairatzen jarraitzen du”, salatu dute hainbatetan Galdakao Palestinarekin herri ekimenetik.
Elkarretaratzea 18:00etan izango da Iturrondo plazan. Eta, kontzentrazioaz gain, olibondo bat landatuko dute.
“Galdakao Palestinarekin-etik elkartasun osoa adierazi nahi diogu herri palestinarrari, eta, horregatik, maiatzaren 15ean olibondo bat landatuko dugu Iturrondo plazan, Gure Haurrak ere Badira mugimenduak sustatutako ‘Pagadietatik Olibondoetara’ kanpainaren barruan”, azaldu dute.
Olibondoa, “erresistentziaren eta memoriaren sinboloa”
“Zuhaitz hori herri palestinarraren sustraien, erresistentziaren eta memoriaren sinboloa da, 1948tik Israelgo estatu sionistaren jazarpena jasaten duen herriaren sinboloa, hain zuzen ere. Olibondo hori memoria ezin dela ezabatu gogoraraziko duen oroigarri bizia izango da”, gaineratu dute.
Maiatzaren 15eko mobilizazioarekin ere herri plataformak Gazako indarkeria “berehala amaitzea” eskatuko du: “Gazako indarkeria berehala amaitzea, Zisjordaniako okupazioa amaitzea, segregazio-sistema amaitzea eta errefuxiatu palestinar guztien itzultzeko eskubidea bermatzea eskatuko dugu”.
“Gazako Zerrendak muturreko egoera bizi du. 2023ko urritik, Israelgo armadaren erasoek hamarnaka mila heriotza eragin dituzte, gehienak emakumeak eta haurrak. Ospitaleak, eskolak, unibertsitateak, eraikin erlijiosoak eta oinarrizko azpiegiturak suntsitu dituzte. Blokeoak ez du uzten elikagai, ur eta botika nahikorik sartzen, eta horrek krisi humanitario larria eta gosea eragin ditu, bereziki Gazako iparraldean”, salatu dute.
Era berean, indarkeria “egunerokoa” dela gaitzetsi dute: “Kolono armatuek, armadak babestuta, lurrak okupatzen dituzte, laboreak suntsitzen dituzte eta familiak beren etxeetatik kanporatzen dituzte. Urritik, ehunka palestinar hil dituzte Zisjordanian”.

