Etxebarriko eta Ugaoko udalek Ertzaintzaren esku utziko dute atxilotuen jatorria publikatzea

Etxebarrin eta Ugaon ez daukate ziegarik eta diligentziak Ertzaintzak egiten ditu bi udalerrietan.

Jon Villapún Arbide
1 minutuko irakurketa
Ugaoko Udaltzaingoaren autoaGeuria, artxiboa

Ertzaintzak delitugileen jatorria jakinarazteko erabakiak polemika piztu du gizartean.

Iazko urrian erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atxilotuen jatorriaren berri ematea.

Irizpide hori, ordea, ez dute udal guztiek beteko: batzuek informazio hori publikatuko dute eta beste batzuek ez.

Esate baterako, Hego Uribe eskualdean, Basauriko Udalak esan du jatorria emango duela eta Galdakaok eta Arrigorriagak, aldiz, kontrako erabakia hartu dute: ez publikatzea.

Etxebarri eta Ugaoko udalei dagokienez, adierazi dute Ertzaintzaren esku utziko dutela atxilotuen jatorria publikatzea edo ez.

Ez Etxebarrin ez Ugaon ez dago ziegarik eta diligentziak Ertzaintzak egiten ditu bi kasuetan.

“Etxebarrin ez dugu inoiz horren berririk eman. Batez ere guk ez dugulako jendea atxilotzen. Hori egin behar denean Ertzaintza deitu eta eurek egiten dute. Beraz, gure datuak Ertzaintzaren datuen barruan egongo liratezke”, adierazi dio Iker Lopez alkateak GEURIAri.

Ugaon “atxiloketa gutxi” daudela eta zuzenean Ertzaintzara deitzen dutela zehaztu dute. “Orain arte ez da Udaltzaingotik daturik eman. Eta printzipioz ez da ezer aldatuko, egoera berdin mantenduko da Udaltzaingoari dagokionez behintzat. Ertzaintzaren esku uzten dira datuak eta hauek erabakiko dute argitaratu ala ez”, argitu dute Ugaoko udal ordezkariek.

ETIKETATUTA:
Partekatu artikulu hau